

1.
Behin marrazkia eginda dugula nola margotuko dugun pentsatzeari tarte bat ematea komeni da. Akuarela papera guztiz horizontalean izan gabe inklinazio apur bat duen euskarri bati itsatsiko diogu eta hala uraren eta hezetasunaren portaera kontrolatu ahal izatea erraztuko dugu. Gauzak honela goitik behera hasiko gara margotzen eta kolore argienetatik ilunenetara, zuriuneetarako paperaren zuria gordez.
2.
Zerua margotzeko Urdin bizia (Bright blue 509) erabiliko dugu Ultramar urdin (Ultramarine 509) apur batekin nahastuta. Kasu honetan papera lehor dagoela jarri dut kolorea gainean baina aurretik papera ur garbiaz bustita ere egin dezakegu proba. Modu honetara hodeien ertzak ez dira hain zorrotz ikusiko eta ur orbanak gehiago difuminatuko dira. Hodeien azpialdeetan Indigo (516) apur batekin itzalak egiten saiatuko gara.


3.
Kare harri zuriak eguzkiaren argia islatzen du eta orduaren arabera argi horrek kolore bat edo beste eman diezaioke. Ilunabarrak urre kolorez janzten ditu bazterrak eta beraz, horia (Indian yellow 228), urre kolorea (indian gold 244) eta marroia (Burnt umber 408) nahastuta lehenengo kapa bat emango diegu eremu hauei. Eremu handiagoa ere margotu genezake geruza honetan, izan ere hau izango da gure arboladiko gune argiena eta gainerako eremua margotuz gero ere kolore ilunagoekin estaliko dugu hurrengo pausuetan.
4.
Horia (228) eta berdea (725) nahastuta belardien eta zuhaitzen kolore berde argiena margotzen saiatuko gara.


5.
Behin geruza hau lehortuta berdea (725) eta indigo (516) koloreak nahastuta irudiko zuhaitzen gune ilunagoan margotzen hasiko gara. Mendigunean ere itzalak margotuko ditugu indigo (516) kolorearekin.
6.
Urre kolorearekin (244) eta gorriarekin (english red 321) bizitasun gehiago emango diegu basoko koloreei eta sepiarekin (413) gune ilunenak iluntzen hasiko gara beheko aldean.


7.
Geruzaz geruza kolore ilunagoak ezarriz joango gara. Une honetan pintzen estuxeago bat erabiltzeko ordua ere izan liteke. Indigoa (516) eta sepia (413) nahastuta mendiaren itzalak ilunduko ditugu tarteka harriak irudikatzeko argiuneak utziz.
8.
Akuarela koloreek indarra galtzen dute sarri lehortzen doazen heinean eta koloreak indartu beharra izaten da askotan. Esperientzia gutxiko margolarien joera ohikoena izaten da akuarelak behar adina ez iluntzea edo kolore apalegietan margotzea. Margo eta koloreei beldurra kentzen saiatuko gara eta berriz margotuko ditugu basoak horiz (228) eta gorriz (321). Berdea (725), Indigoa (516) eta sepia (413) nahastuta, berde ilun eta arre batekin zuhaitzen gune ilunenak gehiago ilunduko ditugu. Bukatzeko, sepia eta indigoarekin marroi ilun bat eginda basoaren behe aldeko gune iluna ilunduko dugu. Argiuneak uzten saiatzea komeni da eta arretaz ibili beharko dugu pintzela nola mugitzen dugun. Akuarela koloreetan zenbat eta ur gutxiago erabili orduan eta opakoago geldituko dira koloreak. Horrela lortuko dugu kolore ilunagoak egitea, pigmentu asko eta ur gutxirekin.
Pintzel finago batekin eta indigo eta sepia nahastearekin gune ilunenak gehiago ilundu eta detaile txikiak egiten jarraituko dugu.


9.
Zeruak indarra galdu duela iruditu zaidanez beste geruza bat eman diot bukaeran pintzel lodi batekin. Behin lehortuta pintzel fin batekin edo bolaluma batekin detaile txikiak trazatzeko unea izango da.
10.
Gure lanen argazkiak ateratzeko zer argi dugun eta zer kamera erabiltzen dugun garrantzitsua izango da. Ilustrazioa margotu ahala eguzki argia galduz joan naiz eta argazkien kalitatea ere ez da nahi nukeena izan. Azken ilustrazio honetarako akuarela lamina eskaneatu dut koloreak eta detaileak hobeto ikusi ditzazuen.
