
Hasteko, akuarela margo askotan ohikoa den gisara pintzel handi batekin papera bustiko dugu. Gogoratu papera busti aurretik zinta itsasgarriz euskarri finko batean pegatu beharra dagoela. Hori egin ezean papera bustitzean tolestu egingo da.
Paperaren hezetasuna aprobetxatuz Zeru Urdina hartu eta orban irregular batzuk margotuko ditugu. Argiune batzuk utzi ditzakegu laino zuri batzuen itxura hartu dezaten. Limoi Horia Maskuri Berde apur batekin nahastu eta kolore berde argi honekin ere orban irregular batzuk egingo ditugu.


Papera apur bat lehortu dadin itxarongo dugu baina guztiz lehortu dadin utzi gabe. Ile lehorgailu bat ere erabili dezakegu prozesua azkartzeko. Papera prest dugunean hezetasun distira lauso bat izango du baina ez da urik geldituko gainazalean. Une horretan Maskuri berdearekin zuhaitzetako hostoen orbanak marrazten hasiko gara. Orbanak irregularrak egitea komeni da eta horretarako pintzelaren punta nahiz gorputz guztia erabili ditzakegu txandaka.
Gogoratu akuarela teknikan argitik ilunera margotzen dela kapaz kapa. Hosto ilunagoak margotu nahi ditugunean Maskuri Berdeari Siena Lur Naturala edo Sepia koloreak gehitu diezazkiokegu.


Lehortzen utziko dugu apur batean baina, lehen ere egin bezala, papera guztiz lehortzen utzi gabe. Puntu horretara heltzen denean, pintzel fin baten laguntzaz enborrak margotzen hasiko gara. Enborren norabide orokorra paperaren ertzetatik erdi ingurura gerturatzekoa izango da perspektibak hala agintzen duelako. Enborren kolorerako Siena Lur Naturala, Sepia eta Indigo Urdin apur bat erabili ditut nik. Enborrak marraztean ez egin enbor zuzenegiak, margotu adar okerren batzuk ere. Gogoratu enborra zenbat eta gorago joan orduan eta finago ikusiko dugula. Beraz, paperaren erdi inguruko arramak oso fin marraztu beharko ditugu.
Ile gogor xamarreko pintzel bat edo hortzetako eskuila bat erabilita berde zipriztin txiki batzuk gehituko ditugu marrazkian. Kontu handiz aplikatu behar da teknika hau zipriztinak guk nahi dugun tokian bakarrik gehitzeko.


Papera lehortu eta kendu zintza itsasgarria. Gogoratu zinta kentzean beti kanpo aldera tira eginda kenduko dugula, papera apurtuko balitz ere marrazkia duen zatia beharrean kanpoko aldea apurtu dadin.
Izena edo sinadura jarrita amaituko dugu marrazkia.
