Sua

Su garren dantza eta formak ederrak izaten dira eta akuarelaz margotzeko ere aitzakia ederra izan daiteke. 

Behin marrazkia eginda kolore kapa argienetatik hasiko gara ohi bezala. Urre Horia kolorea hartuko dugu sugar guztia margotzeko. Akuarela pigmentuaren eta uraren arteko oreka bilatu beharko dugu. Kasu honetan ez dugu beste batzuetan bezala ura gailendu dadin nahi baina ez erabili margoa lehorregi. Pigmentua eta ura %50ean nahastea izan daiteke aukera onena.

Margo orban horia lehortu aurretik Urre Indiarra kolorearekin su garrei forma ematen hasiko gara. Garra bizien dagoen tokietan argiago egongo da, beraz, irizpide horri jarraituta, ilundu nahi ditugun atalak aukeratuko ditugu.

Gorri ingelesa hartuta suaren azpialdeko txingarra margotuko dugu. Txingarra ikatz zati txikietan bereizita egon liteke eta horrela oinarri bat finkatuko diogu gure konposizioari.

Gorri ingelesa eta Urre horia nahastuta sugarren bolumenari ekingo diogu berriz ere. Aurretik margotutako kolore orbanak guztiz lehortu aurretik baina ia lehor dauden unean egingo dugu hau. Nahastera gorri ingeles gehiago batuta orban ilunetan bertan ere bolumen gehiago sartuko dugu ertzak apur bat gehiago ilunduta.

Su garra nahikoa margotua dugunean garraren ingurua margotzeari ekingo diogu. Horretarako, Ingeles gorriaerabiliko dugu ur karga handiarekin.

Gorria lehortu aurretik Payne grisarekin margotuko dugu ingurua. Beltza eta gorria hezetasunak eraginda nahastu daitezen utziko dugu.

Aurretik margotutako gorria lehortzen bada berriz margotuko dugu Payne grisarekin margotzean heze egon dadin eta kolorean nahastu daitezen. Fase hau erabili dezakegu gorrin ingelesari pigmentu karga handiagoa emateko ere.

Payne grisak bizitasuna galduko du lehortzen denean eta bigarren kapa bat eman beharko diogu seguruenera, beltz gelditu dadin nahi badugu. Une hau suaren azpiko txingarren arteko itzalak hobeto definitzeko aprobetxatuko dugu.

Zinta itsasgarria kendu eta izena jarrita amaituko dugu gure ilustrazioa.

Utzi iruzkina