
Udazkena garai ederra da benetan. Izugarri gustatzen zaizkit urtaro honetan basoek hartzen dituzten koloreak eta beraz, garai aproposa izan daiteke kalera atera eta kolore ezberdinetako hostoak bildu eta hauek margotzen saiatzeko.
Lehenengo, folio arrun batean marraztuko dugu hostoa. Akuarela paperera pasatzean zer neurritako marrazkia nahiko dugun kalkulatuko dugu lehenengo. Muga horiek paperean markatuta dauzkagula marrazkiarekin hasiko gara. Mina gogorreko (2h) arkatz batekin hasi ohi naiz ni marrazten eta gero, mina bigunagoko arkatz arrunt batekin (HB) errepasatu.


Folioaren atzeko aldea arkatzez zirriborratuko dugu gero, marrazkia, akuarela paperera kalkatu ahal izateko. Teknika honetan garrantzia duena marrazkiaren atzeko aldean grafito kapa bat ezartzea da. Kalkatzeko orriak ere erabili ditzakegu baina bestela proposatutako teknika honekin ere egin dezakegu aurrera.
Ohi bezala kolore argienekin hasiko gara margotze. Kasu honetan Urre indiarra (244) kolorea erabili dut hostoa hartzen hasia den urre kolore hori emateko. Punta fineko pintzel lodiarekin errazago betetzen da lehenengo kapa modu uniformean. Horrela, pintzela pigmentuz eta urez ondo kargatuta azalera handiak margotu ahal izango ditugu detaileetako zorroztasunik galdu gabe.


Hartutako hostoa ez da guztiz horituta egon eta berde ukitu batzuk ere badauzka oraindik. Maskuri berdea (716) aukeratu dut pintzel finago batekin orban txikiagoak egiteko. Pausu hau aurreko orban horia guztiz lehortu gabe dagoela egingo dugu bi orbanen arteko ertza apur bat difuminatu dadin.
Lehenengo kapa lehor dagoela, orban arrea egiten hasiko gara. Horretarako Siena naturalarekin (405) Itzal erre (408) apur batekin nahastu dut. Orban hauek kapaz kapa osatuko ditugu. Gogoan izan kolore tonu argienetik ilunenera egingo dugula beti.


Orbaneko parte ilunena Sepia (413) Indigo urdin (516) apur batekin nahastuta egin dezakegu pintzel fin batekin orbantxoak jarrita.
Hostoari erreparatuta zati berdean itzal batzuk ere badituela ohartu naiz. Hortaz, Berdea (725) Sepia (413) apur batekin nahastuta itzal horiek margotzeari ekingo diogu.


Hostoak mahaian uzten dituen itzalak Indigo urdinarekin (516) osatuko ditugu, baina gune ilunagotarako Sepia (413) apur bat ere nahastuko diogu.
Aurrez egindako nahasketek lehortutakoan indarra galdu dutela ikusten badugu berriz margotuta indartuko ditugu.


Errotulagailu batekin marrazkiaren ertz batzuk errepasatuko ditugu eta hostoa eman duen arbolaren izena idatziko dugu azpian.
