
Margotzen hasi aurretik, papera, ur garbiz bustiko dugu. Honela lortuko dugu margotzean, kolore orbanak lausotzea eta elkarren artean nahastea. Ohi dugun moduan kolore argienetik hasiko gara margotzen. Kasu honetan Indiako Urrea (244) hautatu dut zeruko tonu hori horiek margotzeko.
Tonu urdinak egiteko, Itsasoz haraindiko urdina (511) erabili dut Indigo urdin (516) apur batekin nahastuta. Zeruan bezala, lakuko uretan ere kolore berberak islatzen dira. Hauetan ere prozedura bera errepikatuko dugu.


Indiako urrea (244) Laranja (315) apur batekin nahastuta orban ilunago batzuk margotuko ditugu. Pauso honetan, kolore laranja honekin, orban urdinean ere egingo ditugu trazu batzuk.
Margoa heze dagoen artean, xukatzeko paper mutur batekin, eguzkia dagoen lekua argituko dugu. Nahikoa da horretarako paperarekin pigmentua xukatzea. Behin papera pasata, pintzel fin batekin eguzkiaren ingurua margotu egingo dugu berriro.


Itsasoz haraindiko urdina (511) eta Bioleta (607) nahastuta, pintzel fin batekin, lakuko uretako olatuen itzalak margotzen hasiko gara. Gugandik gertuago dauden orbanak biziago margotuko ditugu, ilunago, eta urrun daudenak, aldiz, argiago. Pintzelarekin kolorea hartzen dugunean zenbat ur hartzen dugun neurtuta lortzen dira matizazio horiek. Zenbat eta ur gehiago orduan eta kolore argiagoa aterako zaigu.
Atzeko planoko mendiak margotzeko Bioleta (607) Indigo urdin (516) apur batekin nahastuko dugu. Lehen planoan beltzez margotuko ditugu mendiak baina atzean ez dira horren ilun ikusten.


Eguzkiaren parean gelditzen den mendi zatian, gainera, pintzel garbi batekin pigmentua xukatuko dugu kolore argiago bat utzita. Eguzkiaren argitasunak ematen duen efektua lortuko dugu horrela.
Lehenengo eta erdiko planoetan dauden gune ilunak margotzeko Payneko grisa (512) erabiliko dugu, ur gutxi eta pigmentu askorekin, ahalik eta orban ilunenak lortzeko.


Eguzkiaren parean, baina, Laranja (315) apur bat sartuko dugu. Ertzetan beltzarekin nahasten utziko diogu koloreari bien arteko muga hori apur bat lausotu dadin.
Lehenengo planoko detaileak egiteari ekingo diogu orduan. Pintzel txiki batekin, Payneko grisa (512) hartu eta belartxoak zein zuhaitzetako hostoak margotuko ditugu.


Behin lana lehor dagoela, hasieran egindako koloreak gehiegi apaldu direla ikusten badugu, gainetik ere margotu liteke kolore lausodura berri bat. Tentuz ibili behar da, ordea, atzeko irudia lausotu dezakeelako. Nik, kasu honetan, papera ur garbiz busti ondoren, Itsasoz haraindiko urdina (511) eta Indigo urdina (516) erabili ditut atzeko koloreen arteko kontrasteak areagotzeko.
Lan hau amaituta, berriz errepasatu ditut lehenengo planoko detaileak eta itzal gehiago margotu ditut lakuko uretan Itsasoz haraindiko urdina (511), Indigo urdina (516) eta Bioleta (607) nahastuta.

