Koloreen balio tonala, akaso, kontzeptu ezezaguna izan arren, akuarela teknikaren oinarri nagusienetako bat da. Akuarela teknikan ura erabiltzen dugu margoa disolbatu eta paperean margotzeko, eta ez dugu emaitza bera lortuko ur hori neurri ezberdinetan erabiliz gero.
Akuarela margoari zenbat eta ur gehiago nahastu, orduan eta kolore argi eta lausoagoa lortuko dugu. Ur gutxirekin, aldiz, kolore ilunagoak lortuko ditugu. Hau kontuan hartuta, akuarela margo bakarrarekin balio ezberdineko tonuak lortu ditzakegu, argitik ilunera.

Kontuan hartu behar dugu, gainera, margotzen ari garen akuarela irudia lehortzen denean, paperean dagoen kolore hori, argitu egiten dela apur bat. Horrek, margotzen ari garenean lortu dugun kontraste edo balio tonal konkretu bat apaldu edo galtzea eragin dezake. Ohikoa izaten da, akuarela teknikarekin hasi berriak garenean, gure margolanak argiegi edo lausoegi gelditzea, ia kontrasterik gabe.
Guzti honegatik, garrantzitsua da balio tonala lantzeari denbora eskaintzea.
Horretarako, ariketa erraz bat egingo dugu. Akuarelaz margotu nahi dugun argazki bat aukeratu eta begiak erdi-itxita ditugula, argazki horretako gune argiena eta ilunena zein diren identifikatzen saiatuko gara.


Horren ondoren, argazkiko gainerako elementuak bereiziko ditugu beren argi-ilun mailaren arabera eskema sinple eraikita. Pausu honetarako, argazkia zuri-beltzera pasatzea lagungarri gerta daiteke. Horretarako ordenagailua edo mugikorreko aplikazioren bat erabili dezakegu.

Amaitzeko, akuarela margo bakarra eta ura erabilita, argazki hori margotzen saiatuko gara balio tonal argienetik hasi eta ilunenera joaz.

Ariketa sinple honek akuarela margoaren eta uraren arteko erlazioa neurtzen irakatsiko digu eta baita margotu nahi dugun ereduko argi-ilunak identifikatzen ere. Akuarelarekin trebatuz goazen heinean, eskema horretan xehetasun gehiago jarri genitzake, edo baita kolore nahasketekin hasi ere, baina hori, hurrengo batean azalduko dugu hobeto.
